Agirre in Berlin 1941-2016 egitasmoak iragana eta oraina uztartzen ditu: Euskadiren eta Alemaniaren historiaren zati bat erakutsi nahi du, egungo Europan erabilgarri izan daitezkeen ondorio eta irakaspenak eskuratzeko.
Jose Antonio Agirre demokratikoki aukeratutako Eusko Jaurlaritzaren aurrenengo lehendakaria izan zen, Espainiako gerra zibilaren erdian. Pertsonaia politiko gailena izaki, aho batez “euskaldun guztion lehendakaritzat” aitortua, bere ibilbideak, bai politikoak eta baita pertsonalak ere, XX. mendeko urterik zalapartatsuenak igarotzen ditu. Gaur egun, Agirre lehendakariak jakin-mina pizten jarraitzen du, eta adostasuna sortzen duen garai hartako politikari bakanetakoa da. Beti txertatu zuen bere Euzkadi proiektu politikoa (Euskadi egungo ortografiaren arabera) Europa demokratiko batean, eta horrek egun bere ondarea izaten jarraitzen du.
1936az geroztik nazioarteko faxismoaren aurkako borrokalari irmoa izan zen, lehenik Euskadin eta beranduago Katalunian, Frantzian eta Belgikan, erbestean. 1940an, Alemania naziak Europako mendebaldea okupatu zuenean, Agirre klandestinitatera pasa zen. Berlinetik igaro zen pasaporte faltsu batekin, eta Inperio Naziaren hiriburutik, Göteborgetik barrena, Hego Amerikara ihes egitea lortu zuen, handik Estatu Batuetara iristeko. Behin New Yorken bizitzen jarrita, faxismoaren aurkako borrokaren buru izaten jarraitu zuen, eta 1945az geroztik, kontinente zaharraren demokratizatzearen alde lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerraren amaieraren ondoren Europara itzuli zen kristau-demokrazia europarraren sorrera sustatzeko, eta 1960an Parisen hil zen.
Agirre in Berlin egitasmoak ez du Agirre Lehendakariaren testuinguru historikoan sakontzen soilik, egungo Europar Batasunaren sorreran ere kokatzen baita. Agirre eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren inguruan aritu ziren pertsona guztien lana goraipatu nahi dugu. Agirre ez zen bere aurkari politikoek ere errespetatzen zuten politikari nabarmena bakarrik, galdutako gerra batetik identitate faltsu batekin erregimen totalitario baten bihotza gurutzatuz ihes egin zuen erbesteratua ere izan zen.
Hiru dira egitasmo honen bitartez azaldu nahi ditugun puntuak:
- Eusko Jaurlaritzaren sorreran 80. urteurrena gogoratzea, Agirre Berlinetik pasa zenaren 75. urteurrena eta Nouvelles Équipes Internationales-en, Europako Kristau-Demokraziaren aurrekariaren eta egungo Europar Batasunaren haziaren, biltzarrean Robert Schuman eta beste garaiko politikariekin parte-hartzeko Berlinera itzuli zenekoaren 60. urteurrena.
- Espainiako gerra zibilak izan zituen ondorioen ahalik eta ikuspegi zabalena eskaintzea, ez bakarrik arlo politiko eta diplomatikoan, baita kulturalean eta artistikoan ere, diziplina artistiko ezberdinetan urte liskartsu haiek nola tratatu diren ikusteko, eta baita gerrak orduko panorama artistiko eta intelektualean nola eragin zuen.
- Alemanian eta alemanez Agirreren idatziak zabaltzea, Agirrerengan gurutzatzen diren esparru desberdinen inguruko egungo eduki akademikoak hedatzea, eta bere Alemaniako egonaldiaren odisea ahalik eta modurik atsegingarrienean azaltzea. Horretarako Berlineko bere igarobidea zehazten duen mapa prestatu dugu, eta baita Alemaniako egonaldiaren inguruko idatziak itzuli ere.
Berlingo Euskal Etxeak antolatutako ekitaldiak The International Legacy of Lehendakari José Antonio Agirre’s Government nazioarteko biltzarraren hiru saioetako batekin osatuko dira, Berlinen, Humboldt Universität-ean ekainaren 1ean ospatuko denarekin hain zuzen ere. Saio honetako hitzaldiek nazioarteko mailako ikuspegi akademiko eta zientifikotik Agirre lehendakariaren analisi bat eskainiko dute, ekitaldi honetarako alemanez sortutako dokumentazioa osatuko duena.
Alemania eta batez ere bere hiriburua, Berlin, Historia eta iraganaren irakurketa kritikoa funtsezko osagai duten gizarteak dira, analisi horretatik ondorioztatutakoa eta bere gaurkotasuna gizartea bateratzeko emari oso garrantzitsutzat dituztelarik.
Agirreren ondareak bizirik darrai, bere odisea historikoa eta ekarpen politikoa baliagarriak dira garai hura ezagutzeko, baina batez ere, lagungarri dira Europa demokratiko bateratu baten eraikuntza prozesua ulertzeko eta bere testuinguruan kokatzeko.
Proiektu hau eta orain arte egindako lana Euskal Etxearen sortzaile eta hasierako kolaboratzaileei eskaini nahi diegu: Constanze Lindemann, Ingo Drostel, Prof. Wolfgang Wippermann eta Klaus Ihlauri; ahaztu gabe Fritz Teppich, Michael Kasper, Kurt Goldstein, Hans Canjé eta egun gure artean ez dauden beste asko. Memoria historikoaren berreskurapena eta euskaldun eta alemaniarren arteko elkar ezagutzaren alde hainbeste lan egin duten alemaniarrei eman nahi diegu gure esker ona, gaur egun Berlin eta Alemanian euskara eta euskal kulturak bere lekua izatea ahalbidetu duten guztiei.
Ainhoa Añorga Osa
Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V. – Berlingo Euskal Etxeko Lehendakaria
Unai Lauzirika
Agirre in Berlin 1941-2016 proiektuaren zuzendaria