Agirre in Berlin 1941-2016 proiektua 2012an hasi zen zehazten. Urte hartan Berlingo Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogorarazteko ekitaldi ugari antolatu zituen. Bertan, Agirreren irudia zein Europako faxistengandik ihesean ari zela Berlinen 1941an egin zuen egonaldia ezagutarazi behar genituela ulertu genuen.

Ideia hori gorpuztuz joan da proiektua hezurtzen duten hiru arlo tematikoak garatu arte:: alderdi sinbolikoa, akademikoa eta artistikoa.

// Agirre in Berlin 1941-2016

Agirre lehendakariaren irudia ezagutzera eman nahi dugu, Berlinen bizi izandakoak, berak gidatutako gobernuaren garrantzia eta gerra eta ondorengo urteetan erbestean egin zuten lana. Hori guztia erakusteko material propioa sortu dugu hizkuntza ezberdinetan eta edozeinentzat eskuragarri:

  • Mapa: 1941ean Berlinen Agirrek bizi eta idatzi zituenak erakusten dituen mapa, egungo Berlinekin alderatuz. Bere egunkari originaletik abiatuz, aleman, euskara eta gaztelaniaz prestatu dugu Agirreren ibilbidea. Berlingo Euskal Etxeak zuzendua, Ingo Niebel historialariaren aholkularitza izan du, testuen egilea bera delaril. Diseinua Sirope Projects-eko Ales Landeta eta Gaizka Muñozena da.
  • Alemaniako egonaldia biltzen duten egunkariko pasarteen itzulpena alemanera. Iñaki Goioganak Sabino Arana Fundaziorako prestatu zuen edizio kritikoan oinarritua, Ingo Niebelek itzuli ditu Alemaniako egonaldiari dagozkion pasarteak.
  • Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz lanean Alemaniako egonaldia azaltzen duen kapituluaren itzulpena alemanera. Lan hau 1942an bukatu zuen obra hau, New Yorken familiarekin kokatu eta Columbia Unibertsitatean lanean zela. 1940 eta 1941ean zehar bere egunkarian segurtasun eta leku gabeziagatik idatzi gabe utzi zituen gertakari eta gogoetak biltzen ditu lan ezagun honek. Itzulpena Christine Paasch-Kaiser-ek egin du.

Dokumentu guzti hauek, alemanez eta publikora zabalik, Agirre in Berlin 1941-2016 proiektuaren bizkarrezurra dira. Dokumentazio hau bi hitzaldirekin eta beste bi kongresurekin osatuko da: lehenengo hitzaldia Iñaki Goioganak eskainiko du maiatzaren 31an Berlingo Cervantes Institutuan eta ekitaldi-zikloa Xabier Irujok itxiko du Berlingo Euskal Etxearen egoitzan ekainaren 3an. Gai hauek izango dira kongresuen eta gainontzeko ekitaldien ardatza izango direnak, Agirre lehendakaria eta bere gobernuaren ikuspegi ahalik eta zabalena emango dutenak.

congreso

// Kongresu akademioa: The International Legacy of Lehendakari José Antonio Agirre’s Government

The International Legacy of Lehendakari José Antonio Agirre’s Government kongresuak, Jose Antonio Agirre (1904- 1960) lehen Lehendakariaren ondarea modu osatuan aztertuko du, bere dimentsio europar eta demokratikoaren perspektiba gaurkotua eskaini, eta baita bere harreman pertsonal eta diplomatiko zein konbikzio politiko, sozial eta kulturalena ere.

Kongresuak nazioarteko izaera izango du, eta 2016ko udaberrian gauzatuko da Reno (William Douglass Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno), Berlin (Humboldt Universität zu Berlin) eta New Yorken (Columbia University); Berlinen, Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein-Euskal Etxeak Lehendakaria hirian egon zeneko 75. urteurrenaren harira antolatutako ekintzekin bat egingo du.  Kongresuaren programak sona handiko 15 aditu baino gehiago elkartuko ditu, eta besteak beste, honako gaien inguruko ikerketa zein hausnarketak plazaratuko dituzte: Vatikano edota Britainia Handia bezalako potentzia atzerritarrek Espainiako Gerra Zibilaren garapenean izan zuten papera, erbesteko Euskal Gobernuaren diplomaziak Europa eratzeko izan zuen grina, euskal erbestearen ondorio politikoak edota memoria historikoaren garrantzia egungo euskal politikan zein praktika artistikoetan.

Batzorde antolatzailea: Mari Jose Olaziregi Irak. (Etxepare Euskal Institutua – MHLI), Xabier Irujo Irak. (William Douglass Center for Basque Studies– Reno), eta Carsten Sinner Irak. (Universität Leipzig).

Kongresuaren idazkaritza: Unai Lauzirika (Universität Leipzig).

Finantziazioa: Etxepare Euskal Institutua, William Douglass Center for Basque Studies (University of Nevada, Reno), Universität Leipzig, Agirre Lehendakaria Center (Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea), Mikel Laboa Katedra (UPV-EHU) eta MHLI Ikerketa taldea (UPV-EHU).

// Kongresua: Agirre in the Arts: The Spanish Civil War and the Basque Exile in the Arts

Ekainaren 2an Euskal Etxeak antolatutako bigarren kongresu batek hartuko du lekua, Etxepare Euskal Institutuak eta Humboldt zein Leipzigeko unibertsitateek lagunduta.

Kongresu honetan Espainiako Gerra Zibila eta euskal erbestea diziplina artistiko ezberdinen ikuspuntutik aztertuko da. Bost hitzaldi egongo dira, eta horiei esker, sortzaile zein arte forma ezberdinek Espainiako Gerra Zibila, erbestea, memoria historikoa edota Gernikako bonbardaketa nola landu zuten aztertuko dugu. Aldi berean, gatazka armatuek garaiko autore eta giro artistikoan izandako eragina ikertuko dugu.

Kongresua Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen “Zaldiak eta beren itzalak – Die Pferde und ihre Schatten” lanaren estreinaldiaz osatuko da, ekitaldia Gorki Theater-eko R aretoan izango da.

Ekitaldiak ekainaren 3an bukatuko dira Renoko William Douglas Center for Basque Studies-eko zuzendaria den Xabier Irujoren eskutik. Hitzaldi honetan II Mundu Gerran Frantziako nazien okupazio garaian jazotak iparraldeko juduen deportazioa aztertuko dugu, eta horretarako Bingen Ametzaga euskal agentearen oroitzapenetan oinarrituko gara.