Jose A. Agirreren biografia

-(e)k egina 2016-05-05 testuak
Ⓒ Sabino Arana Fundazioa

1931/05 – Jose Antonio Agirre Lekube, parlamentari
Ⓒ Sabino Arana Fundazioa

// Jose Antonio Agirre (Bilbo 1904 – Paris 1960)

Lehen euskal lehendakaria, Jose Antonio Agirre Lekube, 1904ko martxoaren 6an jaio zen, euskal ohiturei atxikita baina berean garaiko aire industrial berrietan integratua zegoen familia batean. Bere aita abokatua eta enpresaria zen.
Bertako elitearen seme askok bezala, bigarren mailako ikasketak Jesusen Konpainiak Urduñan kokatu zuen eskolan osatu zituen, eta ikasle ona izateagatik eta bere lider dohainengatik bereizi zen. Ezbairik gabe, bere aita oso goiz, 1920an galtzea kolpe gogorra izan zen Agirrerentzat, baina horrek ez zuen galarazi jesuitek zuzendutako Deustuko Unibertsitatean ikasketak jarrai zitzan. Agirrek Zuzenbidea ikasi zuen, eta 1925ean lizentziatu zen.

1930an pertsona garrantzitsuenetakoa izan zen garai hartan Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) bizitzen ari zen barne zatiketa gainditzeko. Alderdi horren sortzailea eta lider historikoa, Sabino Arana (1865-1903), Agirreren aitak defendatu zuen Espainiako justiziaren aurrean 1902/1903an.

1931ko apirilaren 14ean, udal hauteskundeak zirela eta II. Errepublika espainiarra aldarrikatu zen, lehenbizi Eibarren (Gipuzkoa), eta ordu gutxiren buruan, Estatu osoan. Agirre, Getxoko alkate aukeratu berritan, bere jarraitzaileen buru ipini zen, eta Katalunian gertatzen ari zenaren antzera, euskal Errepublika bat espainiar Errepublika federal baten barruan txertatu nahi zuen mugimendu bat sustatu zuen. Katalunian bertako lider errepublikanoek dagoeneko hitzartuta zuten buruzagi espainiarrek Kataluniarentzat autogobernua berriz ezartzea, eta egun gutxitan lortu zuten bere helburua.

1931ko apiriletik 1936ko uztailera doan bosturtekoak sakonki eraldatu zuen EAJ, eskuineko alderdi bat izatetik eremu demokratikora igaro zelarik, zentroko ideologia errepublikano kristau sozial aurreratu batera, abertzale izateari utzi gabe. Biratze ideologiko honetan ezinbestekoak izan ziren Agirre eta berak zuzendutako buruzagi berrien belaunaldia, Agirrek berak EAJren barruan kargurik bere gain hartu ez bazuen ere.

1936an, hauteskundeetan indar errepublikazaleak eta ezkertiarrak gailendu ondoren, posible izan zen Euskal Herriarentzat ere Autonomia Estatutu bat idaztea. Berriz Agirre egitasmoan nahasi zen. Baina 1936ko uztailaren 17 eta 18an Francisco Franco eta Emilio Mola jeneralei leialak ziren militar eta zibilak Errepublikaren aurka matxinatu ziren.

Estatuaren osotasunean bezala, gerra zibila eragin zuten altxamenduak eta huts egindako estatu-kolpeak gizartea bitan banandu zuten Euskadin: Bizkaia eta Gipuzkoa probintziak leiak mantendu ziren Errepublikari, eta Araban eta Nafarroan kolpistek irabazi zuten. EAJk legaltasun errepublikanoaren alde egin zuen, alderdi demokratiko bat zelako, zentrokoa, aberastasunen banaketa bat bilatzen zuen ideologia sozial batekin, ondoriozko gizarteak ahal zen klase ertainik zabalena izan zezan. Abertzalea izaten jarraitzen zuen, baina posibilista aldi berean. Gauzak horrela, bere konfesionaltasun katolikoak horretara bultza behar balioke ere, ezin zen matxinatuekin aliatu, hauek abertzale euskaldunen xede ia guztien aurka zeudelako.

Indar errepublikanoek EAJ kontzentraziozko Gobernuan sartzea eskatu zuten, eta horretarako jeltzaleek Estatutuaren onarpena ezarri zuten mahai gainean. Azkenean, 1936ko urriaren 1ean onartu zen. Hilaren 7an, Gernikan, Agirrek lehendakari karguaren zina egin zuen, bere titulu ofizial berria. Handik aurrera, EAJk Euskadiren defentsan eta garapenean ahalegin guztia egin zuen. Abertzaleek, minimotako Estatutu batetik abiatuta, baina gerrak eskaintzen zituen abantailekin, bereziki euskal eremua Errepublikari leial ziren beste zonaldeekiko isolamendua, Euskadi ia independente bat lortu zuten.

Haatik, Francok gidatutako indarrak Eusko Jaurlaritzak armatu zituenei gailendu zitzaizkien, batez ere Alemania naziak eta Italia faxistak kanpotik eskainitako laguntzagatik.

Euskal armadaren gerra 1937ko abuztuan amaitu zen, euskal tropak Francorekin ari ziren italiarren aurrean amore emandakoan. Halere, euskal instituzioek iraun egin zuten. Eusko Jaurlaritza Paris eta Bartzelonara mugitu zen. Agirre eta bere kabineteak, lurraldea galduta, aterpetxe, eskola, ospitale eta delegazio sare zabal bat zabaldu eta mantendu zuten, erbesteratuez arduratu eta, aldi berean, euskal afera nazioarteko bihurtzeko.

1939ko otsailaren 5ean, Bartzelona frankisten esku erortzera zihoala argi zegoelarik, Agirre eta bere homologo katalana, Lluis Companys (1882-1940) erbestera abiatu ziren.

1939ko irailaren 1ean Alemaniak Bigarren Mundu Gerra hasi zuen. Agirrek segituan ipini zituen atzetik giza baliabide guztiak Aliatuen zerbitzura. 1940ko maiatzaren 8an La Panne-ra (Belgika) bidaia abiatu zuen bere familiarekin, bertan erbesteratutako familiartekoekin biltzeko. Maiatzaren 10ean, alemanek erasoa hasi zuten Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Frantziaren aurka. Ingalaterrara itsasontziz iristeko planak porrot egin zuen. Maiatza bukaeran, alemanen aurrerabidea ikusita, Agirrek bere familia utzi eta Bruselako jesuiten komentu batean ezkutatzea erabaki zuen. Gordeleku ezberdinetatik pasa ondoren, Agirrek identitate faltsu berri bat lortu ahal izan zuen German Gil Guardia Jaen kontsul panamarraren bitartez. Diplomazialariak bere herrialdeko benetako pasaporte bat eman zion, Jose Andres Alvarez Lastra, zuzenbidean doktorea, identitate faltsuarekin. Agirrek identitatea aldatu, bibotea utzi eta betaurrekoak erabiltzeari ekin zion.

Frantziara edo Portugalera igarobidea itxita zegoenez, Guardia Jaenek Greziara edo Sobietar Batasunera ihes egitearen aukera hausnartzeko esan zion, horretarako Alemania zeharkatuta.

Plan hauekin eta politikari hegoamerikar batzuen babesarekin, 1941eko urtarrilaren 7an Agirrek Hanburgora egin zuen. Hiri hau eta Berlin tartekatuz, Agirrek 1941eko maiatzaren 23a arte eman zuen Alemanian.

Adolf Hitlerren Reich-ean bizitakoen atal bat Agirre in Berlin egitasmo honen giltzarri den egunkarian idatzi zuen. Bere lagun diplomazialarien laguntzarekin, maiatzaren 14an bere emaztea Mari eta bere bi seme txikiekin Berlinen biltzea lortu zuen. Mari Zabala Aketxek erabiltzen zuen izena “Maria Arrigorriaga” zen, Guerra-ren alarguna, Venezuelako herritartasunarekin.

1941ko maiatzaren 23an Agirre-Zabala familia Suedian sartu zen, 1941ko uztailaren 31n Brasil aldera egin eta abuztuaren 27an hara iristeko. 1941eko urriaren 7an Uruguayra mugitu zen eta 15ean Argentinara, eta bi herrialdeetan presidenteek harrera egin zioten. 1941eko azaroaren 4an Estatu Batuetan sartu zen azkenean. New Yorken ezarri zuen bere bizilekua, eta Columbia Universityan eskolak eman zituen.

Agirre bizirik irten zen naziek kontrolatutako Europan bizi izan zuen odiseatik, Lluis Companys bezalako politikari garaikideak atxilotuak eta frankistei entregatu ondoren fusilatuak ziren bitartean (1940). Bere arerio politikoa ere, Espainiako Gobernuko presidente ohia, Francisco Largo Caballero (1869-1946), preso erori zen (1942), baina Oranienburgen zegoen Sachsenhauseneko kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Agirrek Oranienburg gurutzatuz Suediara ihes egin zuenean, ez zekien kontzentrazio-esparru hori bazenik ere.

1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu gabe ere, Parisera itzuli zen, eta Eusko Jaurlaritza berriz batu zuen Frantziako hiriburuan. 1947an Nouvelles Equipes Internationalesen (NEI) sorreran eta garapenean parte-hartu zuen, Europan Kristau-demokraziaren aitzindariak. 1956ko martxoaren 21ean Agirre Berlinera itzuli zen, Robert Schumanekin (1886-1963) NEIren hitzaldi batera. 1956ko irailean I. Euskal Mundu Biltzarra inauguratu zuen Parisen, Eusko Jaurlaritzaren buru zeramatzan hogei urteen berri eman zuelarik. 1960ko martxoaren 22an bat-batean hil zen Parisen. Bere hilkutxaren gainean Agirreren lehendakariorde izandako Jesus Maria de Leizaolak (1896-1989) lehendakari karguaren zina egin zuen.

Iñaki Goiogana
Historialaria
 Sabino Arana Fundazioa

Itzulpena: Danel Agirre